Baimendu egin da xehekako saltegiek dohaintzan ematen duten haragia izoztea

Arau berri honen bidez, baimendu egiten da haragia izoztea xehekako establezimenduetan baldin eta elikagaien dohaintzan haragia modu seguruan banatzen dela bermatzeko baldintza batzuk betetzen badira.

Duela gutxi argitaratu dute Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean Batzordearen 2021eko apirilaren 12ko 2021/1374 (EB) Erregelamendu Eskuordetua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 853/2004 (EE) Erregelamenduaren III. eranskina, animalia-jatorriko elikagaien higiene-baldintza espezifikoei buruzkoa, aldatzen duena.

 

Arauak bere sarrera-testuan azaltzen duenez, 2018ko irailaren 27an, Elikagaien Segurtasuneko Europako Agintaritzak (EFSA) bigarren zientzia-irizpena eman zuen xehekako establezimendu txiki batzuen eta elikagaien dohaintzan arriskuak aztertzeko ikuspegiei buruz. Irizpen horretan gomendatzen da xehekako saltokian haragia izoztea, premia duten pertsonei elikagaiak modu seguruan banatuko direla bermatzeko baliabide osagarri gisa. Elikagaien dohaintzarako jardunbide seguruak aplikatzeak prebenitu egiten du elikagaien xahuketa eta, neurri berean, lagundu egiten dio elikagaien segurtasunari, bat etorriz Batzordearen “Baserritik mahaira” estrategian ezarritako helburuekin eta estrategia horren xede nagusiarekin, hau da, elikadura-sistema bidezkoa, osasungarria eta ingurumena errespetatzen duena ezartzearekin, Europako Itun Berdearen elementu gisa.

 

Elikagaiak izoztea baliabide garrantzitsua izan daiteke elikagaien bankuek eta beste ongintzako erakunde batzuek elikagaiak modu seguruan banatzen dituztela bermatzeko. Orain arte, ez zegoen baimenduta haragia izoztea xehekako establezimenduetan; izan ere, izoztekoa zen haragia animalia hil edo zatikatu eta bidegabeko atzerapenik gabe izoztu behar zen.

 

Honela dago idatzita testu berria:

 

“Izoztekoa den haragia bidezko arrazoirik gabeko atzerapenik gabe izoztu behar da.

Hala ere, xehekako salmenta-jarduera gauzatzen duten elikagai-enpresetako eragileek haragia izoztu ahalko dute elikagaiak dohaintzan emateko, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:

  1. 1169/2011 (EB) Erregelamenduaren 24. artikuluaren arabera iraungitze-data jarri zaion haragia bada, data hori iraungi baino lehen izoztu behar da,
  2. arrazoirik gabeko atzerapenik gabe, –18 °C-ko edo gutxiagoko tenperaturan.
  3. Halaber, egiaztatu egin beharko da izozte-data dokumentatu egiten dela eta etiketan edo beste baliabide batzuen bidez adierazten dela.
  4. Dena den, aurretik izoztu den haragia (haragi desizoztua) ezingo da berriro izoztu, eta
  5. bete egin beharko dira agintari eskudunek izozteko eta gero elikagai gisa erabiltzeko ezarritako baldintza guztiak”.
You don't have permission to register