EBko elikagaien xahuketari aurre egiteko estrategien mapaketa

Europako Batzordeak azterlan bat argitaratu du, eta bertan bildu ditu elikagaien birbanaketari eragiten dioten EBko neurri, araudi eta politika guztiak, estatu kide guztiek elikagaien xahuketaren esparruan hartutakoak. Txosten hori “EBko elikagaien birbanaketa” proiektu pilotuaren barruan egin da.

 

 

Europako Batzordeak adierazi duenez, elikagaien xahuketa oso gai garrantzitsua da mundu-mailako elikagaien segurtasunerako eta ingurumen-gobernantza onerako. Lotura zuzena du ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-inpaktuekin. Elikagaien xahuketaren abiarazleak askotarikoak dira, eta lotura izan dezakete faktore tekniko, sozioekonomiko eta instituzionalekin (legeria eta politika). Elikagaien xahuketa prebenitzeko, garrantzitsuena da sorburuan bertan esku hartzea eta elikagaien hornikuntza-kateko etapa guztietan elikagaien soberakinen sorrera mugatzea. Dena den, elikagaien soberakinak sortzen badira, aukerarik onena da giza kontsumora birbanatzea, horrek bermatzen baitu elikadura-baliabide jangarrien balio handieneko erabilera egitea.

 

 

Espainiar estatuko ekimenen artean, dokumentuak Euskadin Elikagai Xahuketari Aurre Egiteko Ekintza Plana aipatzen du (258. orrialdea). Plan hori Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak sustatu zuen eta Elika Fundazioak dinamizatu.