ELIKAK parte hartzen du elikagaien xahuketa murrizteko FoodRUs proiektu europarrean

Martxan jarri da Europako FoodRUs proiektua (An innovative collaborative circular food system to reduce food waste and losses in the agri-food chain”). Proiektu hori Deustuko Unibertsitateak koordinatzen du, Europako 10 herrialdetako beste 29 bazkiderekin partzuergoan. Bazkide horien artean daude ELIKA eta beste zenbait euskal erakunde, hala nola HAZI, BCC eta EROSKI.

Mundu-mailan, elikagaien heren bat galdu edo xahutu egiten da, eta, soilik Europan, xahuketa horrek 143 mila milioi euroko kostua dakar urtero. FoodRUs proiektuaren xedea da elikagaien galera eta xahuketa murriztea, eta baliabideen eraginkortasuna sustatzea nekazaritzako elikagaien sektoreko balio-katearen etapa guztietan.

FoodRus helburua

FOODRUS proiektuak proposatzen du ekonomia zirkularraren printzipioetan oinarritutako estrategia bat sortzea, elikagai-hondakinak prebenitzeko erronkari aurre egiteko. Hala, elikagaien ekosistemen erresilientzia eta iraunkortasuna bermatuko da, tokiko mailan nahiz eskualde-mailan, eragile eta diziplina anitzeko ikuspegiari esker.

Soluzio teknologikoak

FOODRUSek 23 soluzio zirkular ezarriko ditu berrikuntza kolaboratiboko hainbat moduren bidez, eta eragile guztiak sartuko ditu tokiko elikadura-sistemetan: nekazariak, eraldatzaileak eta banatzaileak, eta kontsumitzaileak.

Hauek dira planteatzen diren soluzioak:

  • Maila teknologikoan: blockchain soluzioak, elikagaien galera eta xahuketa kudeatzeko.
  • Maila sozialean: hezkuntza-materialak eta herritarrentzako zientzia-jarduerak, kontsumo-ohitura iraunkorrak sustatzeko.
  • Erakunde-mailan: tokiko kontsumoa eta dohaintza sustatzeko sareak.
  • Maila fiskalean: ‘Pay As You Throw’ eskema berriak.

FOODRUSek hiru proiektu pilotu egingo ditu soluzio horiek probatzeko:

  1. EAE-Nafarroa eskualde arteko proiektu pilotua, barazki eta entsalada prestatuak ardatz dituena.
  2. Danimarkako proiektu pilotua, haragia eta arraina ardatz dituena.
  3. Eslovakiako proiektu pilotua, ogiaren balio-katea aztertzen duena.

ELIKAren zeregina

Guk bi zeregin nagusi ditugu proiektuan. Batetik, Europan eta nazioartean elikagaien galera eta xahuketarekin lotuta egiten diren beste proiektu eta ekimen batzuekiko lankidetza koordinatzea. Horretarako, lankidetza- eta kooperazio-sare bat sortuko da tartean dauden eragile guztiekin, esperientziak eta emaitzak partekatzeko, sinergiak eta elkar osatzeko aukerak identifikatzeko eta baterako ekintzak gauzatzeko.

Bestetik, barazkien inguruko Euskadi-Nafarroa proiektu pilotuan parte hartuko dugu; zehazki, elikagaien xahuketaren aurkako euskal estrategian dugun esperientzia jarriko dugu eskuragarri, eta sortutako ezagutza bideratuko dugu.

Hasierako bilerak

Partzuergoaren lehen bilera azaroaren 19an egin zen; bertan proiektuko bazkide diren 52 eragile eta eskualde jarraitzaile baino gehiagok hartu zuten parte, baita esparru horretan abian dauden beste 4 proiektutako koordinatzaileek ere, zeinekin lankidetza- eta kooperazio-lanetan hasi garen.

Azaroaren 23an, bigarren bilera bat egingo da, eta hor zehatzago deskribatuko dira proiektuak irauten duen bitartean gauzatu beharreko lan-paketeak eta zereginak.

Aurrekontua eta iraupena

Proiektua H2020-k finantzatu du. Aurrekontua 6 milioi eurokoa da, eta 3 urte eta erdi iraungo du (2020-2024).